Kirolari, teknikari eta epaileei bekak emango zaizkie esparru olinpiko eta paralinpikoan
Basque Team Fundazioko Patronatuak goi-mailako kirolarientzako 2025. urteko bekak emateko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago jadanik, eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, hilabeteko epean itxiko da. Oinarriak oso-osorik kontsultatu eta jaitsi daitezke http://basqueteam.eus/becas/ webgunean.
Beka hauen helburu nagusia Fundazioaren eginkizunari dagokion goi-mailako euskal kirola sustatzea da. Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta daude nagusiki, kirol-modalitate olinpiko eta paralinpikoei.
Basque Team 2025 bekek laguntza ekonomikoak eta laguntza-zerbitzuak aurreikusten dituzte (zerbitzu biomedikoak, kirol-prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, kirol-psikologia, kirol-karrera eta ibilbide akademikoa uztartzeko laguntza, kirol-ibilbidea amaitzean laneratzeko prozesurako laguntza, irudi- eta komunikazio-zerbitzuak…). Beharrezko baldintzak betetzen dituzten teknikari espezializatuek ere eska ditzakete Basque Teameko laguntzak, baita goi-mailako epaileek ere. Halaber, errendimendua hobetzeko laguntza osagarriak eskatzeko aukera izango dute bekadunek, eta goi-mailako probetan lortutako bikaintasun-emaitzengatiko sariak lortuko dituzte (kontsultatu oinarriak).
Beka hauek jasotzeak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, joko garbiari, dopinaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokei eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz. Beka eskatzerakoan, beharrezkoa da nazioarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita 2025. urte osorako plangintza ere, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia barne.
Beka emateko kontuan hartuko dira nazioarteko kirol-lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak) 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean lortutako emaitzak, kategoria absolutuan. Nolanahi ere, bekari eusteko, salbuespenez, kontuan hartuko dira haurdunaldia, lesioak edo osasun fisiko edo mentaleko iraupen luzeko eta larritasun handiko arazoak direla-eta kirola egitea eragotziko luketen justifikazioak.
Beka motak:
a.- ‘Basque Team Kirolariak’ bekak:
Entrenatu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko laguntzak dira. Probaren arabera izan daitezke:
– Basque Team beka programa olinpikoa
– Basque Team beka programa paralinpikoa
b.- ‘Basque Team Teknikariak’ bekak:
‘Basque Team Kirolariak’ edo ‘Atzeraeraginezko Basque Team beka’ baten onuradun den kirolaria prestatzeko arduradun nagusiari zuzendutako laguntzak dira.
c.- ‘Atzeraeraginezko Basque Team’ bekak:
2024an ‘Basque Team Kirolariak’ beka baten onuradun izan direnentzako laguntzak dira, baldin eta urte horretan eskatutako emaitzan parte hartu ez badute edo lortu ez badute.
d.- ‘Basque Team Support’ bekak:
‘Basque Team Kirolariak’ beketara sartzerik ez izan arren, 2024ko denboraldian programa olinpikoan sartutako banakako edo taldeko proben Munduko txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen duten kirolarientzako laguntzak dira.
e.- Basque Team Epaileak bekak:
2024an lehiaketa jakin batzuetan parte hartu duten epaileentzako laguntzak dira, dagokion nazioarteko kirol-federazioak egindako deialdi ofizialaren ondoren, eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikatuz lehiaketak garatzen aktiboki parte hartzen duten epaileentzat.